Zer dira bi marra zuri horiek?

marrazuriak

Kontxako badiak gauza eder eta ikusgarri asko eskaintzen dizkigu; bertara hurbildu den edonork badaki horrenbeste. Baina, edergarri tipiko eta nabarmen horiez aparte, inoiz erreparatu al diezue Kontxako pasealekuaren itsasaldeko horman dauden bi marra zuriri?

Bata udaletxetik hurbil dago, Alderdi Ederren parean. Oso nabarmen dago marraztua, eta erraz ikusten da hondartza aldetik begiratuz gero.

Bestea Mirakontxa pasealekuaren azpian dago, Antiguako tunelera iritsi baino 250 m inguru lehenago, hondartzara jaisten den eskaileraren ondoan. Zertxobait lausoagoa da marra hori, baina, arretaz begiratuz gero, ondo ikus daiteke.

Zergatik daude hor, ordea?

Tradizionalki, erreferentzia-puntu fisiko batzuk erabili izan dira estropada-eremuak mugatzeko eta balizen kokapenak zehazteko, puntu horiek lerrokatuz eta hainbat punturen emaitzak triangelukatuz.
Parte Zaharreko taberna askotan ikus daiteke erreferentziazko puntu eta lerrokatze horiek marrazten dituen plano hauxe:
ESTROPADAK_balizamiento_mapa_ert

Bada, Kontxako pasealekuko horma horietan dauden bi marra zuri horiek irteerako (eta, noski, amaierako) balizak dituen irudizko lerroa mugatzen duten bi erreferentzia-puntu dira.

Beraz, Kontxako edertasunak dastatzeaz aspertu eta denbora-pasa xume baterako zerbaiten bila bazaudete, jar zaitezte Kontxako barandan, marra horietako baten gainean, bilatu aurrez aurre izango duzuen badiaren beste aldeko marra, eta irudikatu hortxe lerrokatuta izango direla irteeran lau traineru, iraileko lehen eta bigarren igandean.