HISTORIA

Gure hiriaren izenean lehiatu diren traineru guztiek kate luzea osatu dute arraunaren historian zehar, eta kate horri beste katebegi bat erantsi zion 2007an Kaiarriba-Donostiarra sortu zuen ekimenak.

Club Kaiarriba-Donostiarra

Arrantzale-kuadrillak izan genituen aitzindari, haiek lortu baitzituzten lehen garaipenak Donostiarentzat, Luis Karril, Kiriko eta garaiko beste patroi mitiko haien gidaritzapean. Elkarte edo “soziedadeek” hartu zuten kuadrilla horien lekukoa, eta, haien ondoren, arraun-klub modernoek luzatu zuten katea. Kontxako Banderaren historian 12 elkarte eta klub donostiarrek parte hartu dutela jakinik, gauza nabarmena da ekimen kementsua izan duela beti arraunak gure hirian. Kuadrilla, elkarte eta klub donostiar horiek lortutako garaipenen artean, azpimarratzekoak dira 14 Kontxako Bandera, 2 Espainiako Txapelketa eta 1 Euskadiko Txapelketa.

Club Kaiarriba-Donostiarra - Historia

Alabaina, 1990eko hamarkadaren amaieratik aurrera, klubak gero eta zailtasun gehiago izaten hasi ziren, eta emaitzak ere gain behera joan ziren ezinbestean. Hiriko baliabide eta ekimenak sakabanatzeari irtenbidea eman nahian, traineru bateratua eratu beharra zegoela zabalduz joan zen Donostiako gizartean. Kezka horri erantzunez, Kaiarriba-Donostiarra arraun-elkartea eratu zen 2007an Donostiako Udala Donostia Arraun Lagunak eta Ur-Kirolak sinatzaile izan zituen hitzarmen baten eskutik, hiria ordezkatzen duen traineru bakarrean elkartuta lehia zitezen Donostiako arraunlariak.

Club Kaiarriba-Donostiarra - Historia

Lehen urteetan, KAE-1 ligan aritu zen Donostiarra, maila goreneko ligara igotzeko asmoz betiere. 2016 urtean helburu hori lortzear izan zen elkartea, igoerako play-offera sailkatzea lortu baitzen lehen aldiz. Ez zen igotzea lortu, ordea.

Club Kaiarriba-Donostiarra - Historia

Urrats nagusia 2017 urtean egin zen, Donostiarrarentzat ezin hobea izan zen denboraldian. 15 estropadatik 13 irabazi ondoren, bigarren postua lortu zen play-offean, eta hainbeste amestutako Eusko Label Ligara igotzea lortu zen.

Club Kaiarriba-Donostiarra - Historia

Horrela, aro berri bat hasi du klubak, tripulazio onenekin lehiatzeko aukera izango baitu aurrerantzean Donostiarrak.

Gizonezkoen ontziak, 2017an TKE Ligara igotzea lortu ondoren, mailari arazorik gabe eusteko helburua lortu zuen 2018ko denboraldian; 7. postua lortu zuen, estropada gehienetan sailkapenaren erdialdean sailkatuz. Brontzea lortu zuen Gipuzkoako txapelketan. B traineruak gure harrobian genituen itxaropen onak berretsi zituen, KAE2 Liga irabazi eta KAE1 Ligara igo baitzen. Emakumezkoen traineruak ere aurrerapauso handia eman zuen denboraldi horretan: ETE Liga irabazi zuen, bandera asko lortuz, eta Euskotren Ligara igo zen.

DONOSTIARRA KAIARRIBA ARRAUN ELKARTEA

2019an kalitate-jauzia egin zen, TKE ligako onenen multzoan borrokan aritu zenez Donostiarra. TKEko lehen bandera irabaztea lortu zuen (Getxon), eta, Gipuzkoa eta Espainiako txapelketetan brontzea lortu ondoren, laugarren postu ona lortu zuen Kontxan. B mailako mutilek paper bikaina egin zuten KAE1 mailan, laugarren postua eskuratuta, eta liga horretan banderak irabaztea lortu zuen lehen B trainerua izan zen. Emakumezkoen traineruak urteko helburua arazorik gabe bete zuen, maila goreneko ligan jarraitzea lortu baitzuen.

DONOSTIARRA KAIARRIBA ARRAUN ELKARTEA

DONOSTIARRA KAIARRIBA ARRAUN ELKARTEA

Etengabe hobetuz joateko bideari jarraituz ekin dio klubak 2020ko denboraldiari. Donostiarrak beste TKE bandera bat irabazi du, eta bete-betean dihardu garaipen handienen lehian. Emakumezkoen trainerua oso sendo doa gorantz: lehen aldiz irabazi ditu banderak Euskotren Ligan, Euskadiko txapelketa lortu du, eta denboraldi honetan garaipen garrantzitsuak lortzeko hautagai indartsua da.

DONOSTIARRA KAIARRIBA ARRAUN ELKARTEA

 

EGIN ZAITEZ BAZKIDE