PRENTSA-ADIERAZPENA

Donostia Arraun Lagunakek azken asteotan traineru bateratu donostiarraren
proiektuari buruz (gizonezkoenari nahiz emakumeenari buruz) plazaratutako idazki/
adierazpen eta portaeren aurrean, Kaiarriba Arraun Elkartea “Traineru Donostiarra”
osatzen dugunok isilik geratzea erabaki dugu, denontzat desatseginak izan litezkeen
egoerak saihesteko jarrera egokiena zelakoan.
Azken adierazpena irakurri ondoren ere, zinez uste dugu ez direla eztabaida
publikora helarazi behar lan- edo negoziazio-mahai batean konpondu daitezkeen eta
konpondu behar diren egoerak.
Baina, egiari zor, esan behar dugu azken bi urteotan Donostia Arraun
Lagunakeko hainbat kiderekin akordioak lortu ondoren haien zuzendaritza-taldeak edo
beste kide batzuek akordio horiek baztertu edo zapuztu egin dituztela, 3 alditan
gutxienez. Akordio horietan, gainera, Udaleko ordezkariak ere izan dira partaide, lekuko
eta berme-emaile gisa. Bide batez esan nahi dugu udala beti izan dela guk hiriko
gainerako klubekin izandako harreman-jardunaren jakitun eta udalak beti izan duela
gure kudeaketaren berri.
Adierazpen honekin argi utzi nahi dugu ez gatozela bat Donostia Arraun
Lagunakek gertatutakoari buruz egindako kontakizunarekin. Baina plazaratu dituzten
argudioen eztabaidan hasi ordez, garbi adierazi nahi dugu guztiz baztertzen dugula
haien adierazpen osoa, bai eta hura publiko egiteko modua eta garaia ere, berebiziko
garrantzia duen kirol-garai batean murgilduta gaudenez, denontzat urteko estropada
garrantzitsuenak jokatzeko egun oso gutxi falta direnean.
Uste dugu gure aldetik ahal izan dugun guztia egin dugula proiektuak aurrera
jarrai zezan. Dagokionean eta egoki denen aurrean, datuak xehatuz azalduko dugu nola
gauzatu diren negoziazio horiek eta zergatik ez den posible izan akordiorik lortzea.
Azpimarratu nahi dugu negoziazio-prozesu horietan guztiz ados egon izan garela beste
hiru alderdiak, hau da, Udala, Ur-Kirolak eta Kaiarriba-Donostiarra.
Baina azalpen hori lehiaketa-sasoia amaitzean emango dugu. Orain, zinez uste
dugu arraunaren kirolean jarri behar dugula arreta buru-belarri, gure erronka
hurbilenetan: mutilek Kontxako banderan eta play-offetan dituzten azken lau
estropadetan, eta neskek Kontxako banderan dituzten azken bi estropadetan.
Amaitzeko, esan nahi dugu gure xedea beti honako hau izan dela: Donostiako
gizartearen, kirol-taldeen eta hiriko estamentu publiko guztien ahalik eta babes handiena
metatuko duen proiektua bideratzea, hots, guztiona izan behar duen proiektua, eta ez
elkarte jakin batena edo beste batena. Eta, araudiz elkarte baten izena eman behar badu
ere, kasu honetan KAIARRIBA, berez eta egiaz TRAINERU DONOSTIARRA dela.
Sinatua. Kaiarriba Arraun Elkartea “TRAINERU DONOSTIARRA”ren Zuzendaritza
Alberto Lopez Blanco.
Juan Mendizábal.
Alberto Goitia.
Felix Martinez.
Joseba Ubillos.
Migueltxo Iturrioz.
Manolo Berasategi
Juan Mari Iraola.
Iñaki Santiesteban.
Andoni Echeveste.