DONOSTIARRA – UNIÓN ARTESANA CAIXABANK BANDEREN JARDUNALDIAREN AURKEZPENA

DONOSTIARRA – UNIÓN ARTESANA CAIXABANK BANDEREN JARDUNALDIAREN AURKEZPENA

Kaiarriba-Donostiarra arraun-elkarteak prentsaurrekoa eskaini du gaur eguerdian, Union Artesanako kideekin batera, Donostiako elkarte horren egoitzan. Bertan, biharko CaixaBank banderak jokatzearekin bat eta Union Artesanaren, 150. urteurrenaren ospakizunen barruan, bihar bi elkarteen artean egingo diren jarduera batzuen berri eman da.

Alberto Lopez klubeko presidenteak hartu du hitza aurrena, Donostiako arraunaren eta hiriko elkarte gastronomikoen arteko lotura historikoa azaltzeko. Eta azpimarratu du Donostiarra kirol-proiektuaren hasiera-hasieratik elkarte horiek, eta zehazki Union Artesanak, funtsezko zeregina izan zutela; ondorioz, arraun-taldeak ezin zuen geratu UAren 150. urteurrenaren ospakizunari babesa eman gabe.

Larunbateko estropadako bazkari ofiziala, antolatzaileak eta babesleak bilduko dituena, elkarte gastronomikoaren lokalean egingo da. Bazkaria dastatu ondoren, Union Artesanako 30-40 bazkiderekin batera, Ciudad San Sebastian katamaranean igoko dira denak, estropadak bertatik ikusteko. Coegiko (Gipuzkoako Erizainen Elkargoa) kideak ere izango dira han, Donostiarra kolektibo horri denboraldi honetan egiten ari zaion omenaldiari jarraipena emanez. Presidentearen arabera, segurtasun eta higiene arau guztiak bermatuko dira bi jarduera horietan.

DONOSTIARRA – UNIÓN ARTESANA CAIXABANK BANDEREN JARDUNALDIAREN AURKEZPENA

Arraun-taldearen eta Unión Artesanaren arteko lotura bistaratzeko asmoz, Donostiarrako emakumezkoen eta gizonezkoen tripulazioko kideei 150. urteurreneko zapi bana emango zaie uretan, estropada amaitutakoan, hura soinean dutela lehorreratu daitezen.

Lopez presidenteak dei egin die zale guztiei, garai berezi hauetan ahal dela estropada etxetik ikus dezaten, kaian eta inguruetan kirol-lehiarako gordetako espazioa ahalik eta libreen gera dadin; eta esan du, kanpoan ikusi nahi badute, kluba babesten duen ostalaritza-zentroren batera joateko aprobetxa dezatela, haiek arraun-taldeari emandako horrenbesteko babesa une zail hauetan nolabait itzultzeko.

Alex Naya Union Artesanako diruzainak hartu du hitza jarraian, eta elkartearen izenean Donostiarraren jarrera eskertu ostean, bi erakundeek hasieratik izan duten harreman estuaren garrantzia azpimarratu du.

Baina esan du hori ez dela garai hauetan bakarrik gertatu; Unión Artesanak arraunketa betidanik oso gertutik bizi izan duela azaltzeko, Ondarroaren eta Donostiaren arteko 1890eko desafio ospetsuari buruzko pasadizoa kontatu du: Luis Karril (Luis “Torrekua”, Donostiako traineruari izena ematen diona) buru zuen kuadrilla garaile hari egunero afaria eskaini zitzaion Artesanaren egoitzan, desafioa behar bezala prestatzeko.

Alex Nayaren hitzetan, babes historiko horren ondorio logikoa izan zen Donostiarrako proiektuarekin hasieratik bat egitea, eta ez zuzendaritzaren aldetik bakarrik; masa sozialak guztiz egin zuen bat proiektuarekin, Unión Artesanako bazkide asko eta asko Donostiarrako bazkide egin baitziren elkartea sortu eta berehala.

Ekitaldia amaitzeko, zaleei zuhurtziaz jokatzeko dei egin zaie berriro, eta desio gisa aipatu da arraunlariek Union Artesanako zapiak ez ditzatela lehorreratzera bakarrik eraman, baizik eta, ahal dela, ligako ontzi ofizialera, banderaren bat edo maillot bereizgarriren bat jasotzera.

Kaiarriba-Donostiarra.

Previous PostNext PostRead more articles