Ba al zenekien nork asmatu zuen ziaboga emateko era modernoa?

  • Post category:Berriak

Ba al zenekien… Kirikok “asmatu” zuela ziaboga emateko era modernoa?

Rafael Aguirrek Kontxako Banderari eskainitako liburu ederrean kontatzen du 1894ko Kontxako Banderari buruzko datu esanguratsu hau.(1)

KirikorenZiaboga1919

Amigos traineru donostiarrak irabazi zuen bandera hura, Kiriko patroi famatua (jaiotzez getariarra, eta ume koxkorretan Donostiara etorria) popan zuela. Gure badian estropadari begira zeudenak zeharo harrituta utzi zituen Donostiako traineru hark maniobratzean erakutsitako berrikuntza bitxi batek (kontuan izan behar da urte hartan badia barruan egin zirela ziabogak). Antza denez, ziaboga emateko era berritzaile bat erabili zuten donostiarrek. Maniobra hark sortutako harridura honela azaltzen du garai hartako kronista batek:

«para dar más rápido el giro, el proel de Amigos utilizaba un remo- timón en proa, lo que conseguía de forma vertiginosa. Esta maniobra, que es lícita, causó asombro entre las gentes de mar.» 

Ziaboga egiteko era klasikoan, besterik gabe ziatu eta bogatu egiten zuten arraunlariek, “ziaboga” hitzak berak adierazten duen bezala: istriborrekoak boga egin bitartean, ababorrekoek ziatu egin behar zuten, edo gutxienez arraunari eutsi. Gaur ere horrelaxe egiten dute bi bandetako hamabi arraunlariek. Baina aurrekoak, brankariak, ez zuen antzina ezer desberdinik egiten. Agidanean, Kiriko patroiaren berrikuntza izan zen aurrekoak arrauna branka aldean uretan sartu eta ziaboga ematen laguntzeko indarra egitea, horri esker bira askoz azkarrago eman ahal izateko. Goiko aipuak adierazten du, behintzat, gauza ezezagun eta harrigarritzat hartu zutela orduko itsasgizonek. Ez zen, hartaz, maniobra-molde ezaguna izango.

Hauxe duzue 1894ko Kontxako Banderan ziaboga berritzaile harekin ikusleak txunditu zituen tripulazio donostiarra: Kiriko patroia, Antonio Ikazategi, Isidro Ibarzabal, Migel Izarza, Martin Andonegi, Tiburtzio Txopeitia, Kasimiro Ikazategi, Jose Galbarain, Felix Lizarazu, Jazinto Olaizola, Justo Egia, Lukas Lekuona, Benigno Altamira eta Pepe Sanchez.

Argazkian duzuen ziaboga, Kirikoren traineru donostiarrak Bilboko Abran 1919an emandako ziabogetako bat da. Arraunaren historiako ziaboga famatuenetako bat da: “Kirikoren ziaboga”. Hori, dena dela, beste istorio bat da…

(1) AGUIRRE , Rafael, 2002, Donostiako Estropadak (1879 – 2001) Regatas de la Concha, Donostia: Kutxa Fundazioa, 20 or.