2020KO DONOSTIARRAKO HIRU TRAINERUEN AURKEZPENA

2020KO DONOSTIARRAKO HIRU TRAINERUEN AURKEZPENA

Gaur,  eguerdian,  Kaiarriba-Donostiarra arraun-elkarteak  2020ko  denboraldian uretan izango dituen traineruen aurkezpena egin du Kaiko “Portaaviones” eraikinean, gure kostaldeak eskaintzen dizkigun produktuak dastatzeko OPEGIk sortutako gune berrian.

Aurtengoan ere, hiru traineru izango ditu lehian klubak: mutilen A trainerua Eusko Label  ligan,  emakumeen  trainerua  Euskotren  ligan,  eta  harrobiko  mutilen  B trainerua KAE1 ligan.

Ekitaldian izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Alberto Lopez klubeko presidentea, Pilar Lecuona COEGIk0 (Gipuzkoako Eritzaintza Elkargo Ofiziala) zuzendaria, Miren Garmendia OPEGIko (Gipuzkoako Baxurako Arrantzako Ekoizleen Erakundea) presidentea eta Martin Ibabe Udaleko Kirol Arloko zinegotzia.

2020KO DONOSTIARRAKO HIRU TRAINERUEN AURKEZPENA

Miren Garmendiak egin du agurra, OPEGIren izenean, kaiko lonja berriak ibilbidea hasiko duela adieraziz eta, jarraian, Alberto Lopez presidenteak hartu du hitza, Irati Mercader eta Ander Balza Ur-Kirolako gaztetxoak zoriontzeko, selekziorako hautatu baitituzte.

Jarraian, presidenteak eskerrak eman dizkie iraganeko eta egungo babesleei, eta aipamen berezia egin dio Martin Berasategiri, hasiera-hasieratik klubaren ondoan jardundako urte luzeengatik. Eta ongi etorria eman die lankidetza berriei: Grupo Easo Motor eta Eurola Land Rover bere ibilgailuekin, eta Bingo Txuri Urdin eta ServiObras.

Era berean, aurten Union Artesanarekin lankidetza berezia izango dela adierazi du. Haren 150. urteurrenean, Donostiarrak hilaren 11n antolatzen duen estropadan, ekitaldi bat egingo da UA elkartean eta, gainera, arraunlariek haien zapiak izango dituzte estropadak amaitzean.

Presidenteak aipatu duen beste berrikuntza bat da gizonezkoen taldeen izena Donostiarra Amenabar izango dela, babesle horrekin dagoen lankidetzan sakonduz; emakumeen taldearen izena negoziatzen ari dira oraindik.

Alberto Lopezen arabera, osasun-arloan horrenbesteko garrantzia duen garai honetan, kirolarientzat funtsezkoa izan dira IMQrekin dagoen lankidetza eta horren ondorioz egindako analisiak eta azterketak, eta klubeko kirolari eta teknikariak zoriondu egin ditu, aste hauetan izan duten ardurarengatik.

Eta, ildo horretan sakonduz, presidenteak adierazi du denboraldi honetan klub gisa betebehar moral bat bazegoela osasun-arloko langile guztiek egin duten lana nolabait eskertzeko: horregatik, COEGI babesle gisa hartuko du Donostiarrak, eta patroien arraunetan haren logoa agertuko da (asteburu honetan logoa traineruen popan eta brankan ere izango da).

Iragarpen horren ostean, Pilar Lecuona COEGIko zuzendariak hartu du hitza, eta zinez eskertu du Donostiarra bere kolektiboaz oroitu izana, eta azpimarratu du balioak eta sakrifizio-bokazioa partekatzen dutela arraun-kirolarekin.

Azkenik, Eneko Goia alkateak eman dio amaiera ekitaldiari, OPEGIri eskerrak eta zorionak emanez instalazio berriengatik, eta bat egin du erizainen kolektiboari egindako aintzatespenarekin. Bere azken hitzetan, hilabete hauetan egindako lan eskerga eskertu die arraunlariei, eta udan fruituak jasotzeko itxaropena duela adierazi du. Alkateak 2019ko lorpenak gogoratu ditu, eta 2020an lorpen haiek berdintzea edo gainditzea nahiko luke, baina esan du, gertatzen dena gertatzen dela ere, donostiar guztiak eta udal-arduradunak beti egongo direla gure kirolariekin.

Kaiarriba-Donostiarra.

Previous PostNext PostRead more articles