Historia

Gure hiriaren izenean lehiatu diren traineru guztiek kate luzea osatu dute arraunaren historian zehar, eta kate horri beste katebegi bat erantsi zion 2007an Kaiarriba-Donostiarra sortu zuen ekimenak.

IMG_2044

Arrantzale-kuadrillak izan genituen aitzindari, haiek lortu baitzituzten lehen garaipenak Donostiarentzat, Luis Karril, Kiriko eta garaiko beste patroi mitiko haien gidaritzapean. Elkarte edo “soziedadeek” hartu zuten kuadrilla horien lekukoa, eta, haien ondoren, arraun-klub modernoek luzatu zuten katea. Kontxako Banderaren historian 12 elkarte eta klub donostiarrek parte hartu dutela jakinik, gauza nabarmena da ekimen kementsua izan duela beti arraunak gure hirian. Kuadrilla, elkarte eta klub donostiar horiek lortutako garaipenen artean, azpimarratzekoak dira 14 Kontxako Bandera, 2 Espainiako Txapelketa eta 1 Euskadiko Txapelketa.

_MG_2286

Alabaina, 1990eko hamarkadaren amaieratik aurrera, klubak gero eta zailtasun gehiago izaten hasi ziren, eta emaitzak ere gain behera joan ziren ezinbestean. Hiriko baliabide eta ekimenak sakabanatzeari irtenbidea eman nahian, traineru bateratua eratu beharra zegoela zabalduz joan zen Donostiako gizartean. Kezka horri erantzunez, Kaiarriba-Donostiarra arraun-elkartea eratu zen 2007an Donostiako Udala Donostia Arraun Lagunak eta Ur-Kirolak sinatzaile izan zituen hitzarmen baten eskutik, hiria ordezkatzen duen traineru bakarrean elkartuta lehia zitezen Donostiako arraunlariak.

_MG_2408

Lehen urteetan, KAE-1 ligan aritu zen Donostiarra, maila goreneko ligara igotzeko asmoz betiere. 2016 urtean helburu hori lortzear izan zen elkartea, igoerako play-offera sailkatzea lortu baitzen lehen aldiz. Ez zen igotzea lortu, ordea.

Urrats nagusia 2017 urtean egin zen, Donostiarrarentzat ezin hobea izan zen denboraldian. 15 estropadatik 13 irabazi ondoren, bigarren postua lortu zen play-offean, eta hainbeste amestutako Eusko Label Ligara igotzea lortu zen.

Horrela, aro berri bat hasi du klubak, tripulazio onenekin lehiatzeko aukera izango baitu aurrerantzean Donostiarrak.