ALZOLAREKIN BATERA EGINGO DEN JARDUERA AURKEZTU DA

27/12/18

Gaur, goizeko 10:00etan, Kursaaleko kubo txikiaren ondoan, Kaiarriba-Donostiarra arraun-elkarteak eta bere babesle Alzola urak datozen egunetan egingo dituzten jarduera batzuk aurkeztu dituzte. Bertan izan dira Alzolako Patxi Casal eta Asier Zabarte, Donostiarrako Alaitz Olarte eta Julen Elizasu arraunlariak, Inaki Mendizabal, emakumeen Euskotren ligako traineruko entrenatzailea eta, klubeko presidentea Alberto López eta Monika Gonzalez, Gonzalo Maidagan, Joseba Ubillos eta Andoni Echeveste zuzendaritzakideak. Jarduera horiek egiteko esparrua eratzeko, instalazio berezi batzuk moldatu dira kubo txikiaren ondoan, klubaren eta Alzolaren irudiekin pertsonalizatuak. Kirolean genero-berdintasuna aldarrikatzeko mezua helarazi nahi izan da pertsonalizazio horren bidez: gizon eta emakumeen artean ezarritako mugak gainditzea eta gailentzeko elementu nagusitzat norbanakoaren esentziaren kalitatea azpimarratzea. Testuinguru horretan, jarduera honen helburu nagusia da, alde batetik, bazkideak lortzeko ekimenean sakontzea eta, bestetik, gure zale guztien esku jartzea gure merchandising produktuak. Baina, egun berezi hauetan ez dira etxeko txikienak, etorkizuneko harrobia, ahaztu nahi izan; beraz, neska-mutikoentzako ere zerbait prestatu du klubak, hala nola arraunean lehen saioak egin ditzaten ergometro batzuk eta bestelako denborapasaren bat. Kanpainaren helburuetako bat da Donostian presentzia izatea, eta horrek bere jarraipena izango du martxoan eta apirilean zehar Gros, Antigua, Amara, Erribera eta Intxaurrondo auzoetan egingo diren hainbat ekintzaren bidez. Azkenik, zaleei gonbidapena egin zaie, azken urteotan bezala San Tomaseko klubaren postura hurbildu daitezen, Okendo plazara.

Kaiarriba-Donostiarra