KAE1 ETA KAE2KO DONOSTIARRA-AMENABAR BANDEREN AURKEZPENA EGIN DA

7/07/17

Uztailaren 7an, ostiralean, 11:00etan, Kaiarriba-Donostiarra arraun-elkarteak
prentsaurrekoa eskaini zuen La Perlaren instalazioetan.
Bertan izan ziren Alberto López Blanco arraun-elkarteko presidentea, Joserra
Mendizabal kirol-zuzendaria, emakumezkoen traineru berriko lau arraunlari
(Gipuzkoako Ligan jokatutako estropaden ondoren, uztailaren 8an izango dute
estreinakoa Euskotren Ligan), gizonezkoen A traineruko bi arraunlari eta B
traineruko beste bi. Haiekin batera, Promociones Amenabar-eko kudeatzailea
(banderari izena ematen dion erakundekoa) eta Donostiako Kirol Patronatuko
zuzendaria bertaratu ziren; bai eta Martin Berasategui sukaldari ezaguna ere.
Lehenik, KAE1 eta KAE2 ligetako 2017ko Donostiarra-Amenabar Banderak aurkeztu
ziren. Donostiarrak antolatuko ditu, eta larunbat honetan jokatuko dira, uztailaren
8an.
Bi estropadak Kontxako uretan ikusi ahal izango dira, lau luze eta hiru ziabogako
eremuan. KAE2 ligako estropada VIII.a izango da, eta goizean jokatuko da,
11:00etan. KAE1 ligakoa, berriz, X. edizioa izango da, eta arratsaldean jokatuko da,
17:00etan.
Estropada bereziak dira donostiarrentzat, gure traineruek etxean lehiatuko baitira,
etxeko eremuan eta etxeko zaleen aurrean; horregatik, Donostiarrak dei egiten dio
zale donostiar orori, gure arraunlariak animatzera eta berotasuna azaltzera ager
daitezen. Kolore zuria ondo ikus dadila bazterretan!
Jarraian, estropadaren amaieran banderarekin batera emango diren bi sariren
aurkezpena egin zen.
KAE1 ligako estropada irabazten duen taldeari Iñigo Aristegui artistak bereziki
egindako garaikurra emango zaio: traineruko tripulazio osoa irudikatzen duen
artelana da, postuen arabera zatitzen dena; zati bakoitza tripulazioko arraunlari bati
dagokio. KAE1 estropadako ziaboga onenari, berriz, sari bat emango dio Portaletas
Peñak. Ziaboga onena erabakitzeko, bigarren ziaboga hartuko da kontuan, lurretik
gertuen egiten den ziaboga denez jendeak ondoen ikusten duena baita.
Azkenik, Donostiarraren produktuen salmenta-kanpainari buruzko berriak eman
ziren. Kaiko sotoan egingo da salmenta, Portaletas parean, arratsaldez, 16:00 eta
20:00 bitarteko ordutegian, astelehenetik igandera.