Joxerra Mendizabalen aurkezpena

17/06/16

“A” TRAINERUKO ENTRENATZAILE BERRIA IZANGO DEN JOSERRA MENDIZABALEN AURKEZPENA

Ostiral honetan, ekainaren 17an, 11:ooetan, Kaiarriba-Donostiarrak bere traineru nagusiko entrenatzaile berria, Joserra Mendizabal, aurkeztu du La Perlako instalazioetan.

Arraun-elkarteko presidente Alberto Lópezek hartu du hitza lehenik, eta kargua utziko duen Xabier Zabalari klubaren eskerrik beroena eta errespetu handiena adierazi dizkio.

Zabala aktibo nabarmena da klub donostiarrean: Ur-Kirolakeko harrobikoa, Donostiarran egin zituen arraunlari gisa bere azken bi urteak, eta, jarraian, bertako entrenatzaile karguari heldu zion hiru urtez. Haren gidaritzapean lortu ditu Donostiarrak bere historiako lehen hiru banderak. Baina, denboraldia hastear dagoen honetan, klubaren zuzendaritzak arlo teknikoan aldaketak egiteko erabakia hartu du.

Xabier Zabala klubaren konfiantzazko pertsona denez eta betiere profesionaltasun eta ardura bikainez jardun duenez, egitura teknikoan erantzukizun handiko postu batean geratzeko eskaintza egin dio klubak, beherago zehazten den moduan. Zabalak denbora eskatu du, pentsatzeko, eta klubak behar duen guztia eskainiko dio.

Entrenatzaile nagusiko kargurako, hainbat aukera zituen eskura elkarteak, eta, azkenik, hiriko arraun-munduan oso ezaguna den pertsona hautatu du: Joserra Mendizabal “Mendi”. Mendik ibilbide luzea du arraunean: jatorria Arraun Lagunaken izanik, Zarautzen lortu zituen entrenatzaile gisa bere lorpenik garrantzitsuenak, eta, jaioterrira itzulita, lau urtez izan zen Donostiako traineru bateratuko entrenatzaile. Kargua utzi ondoren, “atsedeneko” denbora-bitarte bat hartu zuen, elkartearen erabaki guneetatik aparte geratuz. Baina ezin uka Joserra etxeko gizona denik, norbaiten beharra izanda laguntza eskatzeko moduko konfiantza eskaintzen duena. Eta baiezkoa eman dio klubaren eskaerari, konfiantza betea baitu, elkarteak bezala, kuadrilla honi azken bultzadatxoa besterik ez zaiola falta helburuak eskuratzeko borrokan aritzeko, hau da, play-offean sartzeko aukera izateko eta Kontxan duin lehiatzeko.

Oraina, beraz, Joserra Mendizabal da, baina elkartea buru-belarri ari da epe ertainera eta luzera proiektuaren nondik norakoak lantzen. Kirol-egitura berria lantzen ari da, eta kirol-zuzendaritza profesional berria eratzeko ardura proposatu zaio Xabier Zabalari. Zuzendaritza horren ardurapean izango lirateke lehen eta bigarren trainerua, 2017rako emakumezkoen traineru bateratua garatzea, eta harrobiko elkarte eta arraunlariekin harremana sendotzea.

Iritsi da, azkenik, uretan lanean aritzeko garaia, uretan helburuak lortzeko tenorea. Donostiarra arraun-elkarteak itxaropenez ekingo dio saio berri honi, eta dei egiten die hiriko jarraitzaile guztiei, lehorretik gure kirolariak animatzen eta bultzatzen aritu daitezen.

Aupa Donostiarra.