Ba al zenekien… “1915: hilkutxa bat San Martin kalean eta …”

2/03/16

Soterotxo19221915: hilkutxa bat San Martin kalean eta bi arraunlari ziatzen

Donostiarrok estropaden historian bizi izandakoen artetik pasarte xelebrerik bada, 1915 eta 1916ko
Kontxako Banderetan gertaturikoa da. San Martin kale inguruan hainbat arraunzale hilkutxa bat garraiatzen eta Kontxan estropada betean bi arraunlari ziatzen ikusirik, horrela dela aitortu
beharko, ala?

1915ean lau ontzi etorri ziren lehiatzera: Pasai San Pedro, Pasai San Juan, Orio eta Donostia. Sanpedrotarrak eta, bereziki, oriotarrak ziren faborito nagusi. Beste bi lehiakideak nolabait gutxietsiz­edo, harrokeria punttu batekin iritsi omen ziren Kontxara, eta Oriokoak fanfarroikerian burlaka oso era gaitzesgarrian aritu omen ziren.

Baina, banderaren lehen igandean, Pasai San Juan eta Donostia sailkatu ziren aurreneko bi postuetan. Pronostikoak hankaz gora bota zituzten zeharo. Gogoan izan behar da lehen bi sailkatuak bakarrik aritzen zirela bigarren jardunaldiko ohorezko txandan, eta horiek bakarrik zutela bandera irabazteko aukera. Bandera irabazteko azken lehian, bigarren igandeko ohorezko txandan, Donostia izan zen irabazlea sanjuandarren aurretik —Soterotxoren gidaritzapean, duela hiru hilabete esan genizuen moduan—.

Donostiarrek ez zituzten berehalakoan ahaztu oriotarren burla haiek, eta, lortutako garaipen handi horrekin harrotuta, asmakizun xelebre bat izan zuten Oriokoak mintzeko: oriotarrak akabatuta utzi zituztela argi uzteko­edo, haien hileta antzeztu zuten San Martin kale inguruan. Kutxa zahar bat hilkutxa modura moldatu, kandela eta guzti atondu, eta entierro irreberente bat eratu zuten. Pentsatzekoa da ez zutela batere gozo hartuko hori oriotarrek; barrenean ondo gordeta edukiko zuten guztia, ederki gordeta eduki ere… eta hurrengo urtean etorriko zen buelta.

Hurrengo urte hartan, 1916an, zazpi traineru elkartu ziren norgehiagokara: Donostia, Orio, Getaria —bi ontzi aurkeztu zituzten—, Zarautz, Pasai San Pedro eta Pasai San Juan. Badirudi oraingoan donostiarrak ibili zirela zertxobait ahobero, eta arraunlariren bat ziatzen jarrita ere irabaziko zutela esanez aritu omen  ziren —ziatzea da, dakizuen bezala, poparantz arraunean egitea, hau da, bogaren kontrako  mugimenduak eginez aritzea—.

Alabaina, ezagun da oriotarrak, aurreko urteko gertaerak amorratuta eta urte horretako donostiarren arrokeriaz suminduta, ezin hobeto eta guztiz serio prestatuta joan zirela bandera hartan lehiatzera. Iritsi zen, bada, estropadaren lehen eguna, eta Orio eta Donostia sailkatu ziren bigarren jardunaldiko ohorezko txandarako. Aurreko urtean pasatutakoa kontuan hartuz gero, ez zen makala izango bigarren iganderako ikusmira: donostiarrak eta oriotarrak buruz buru, morbo handieneko norgehiagoka, dudarik gabe.

Oriokoak garaile izan ziren bigarren jardunaldian, eta erraz gainera. Gustura eta, aldi berean, amorruz arituko ziren oriotarrak. Oso nabarmena izan zen oriotarren nagusitasuna; pentsa, itzulerako luzean Orioko traineruko bi arraunlari, Soterotxoren ontziari dezente aurrea hartuta zeudela ikusirik, zutik jarri omen ziren ontzian, eta ziatzen hasi, haien popari jarraitu ezinean zebiltzan donostiarrei burla egiteko.

Afizioen arteko giroa gori­gori jarri zuen horrek, noski, eta lehorrean, Portaletan, elkarri muturrekoka ere ibili omen ziren bi herrietako jarraitzaile batzuk.

“Tira, arraun­kontuak” esango luke baten batek.